Project Description

ÁLVARO MURILLO

Extremadura

“Flamencas”

Pieza honek denboran zehar gogor borrokatu diren emakumeen emozioetatik bidaiatzen du. Erreferentetzat euren esperientzietatik abiatuta, balioan jartzen du dantzaren arte honi egin dioten ekarpena. Emakume flamenkoengatik eta flamenkoentzat egina da, garai batekoentzat eta gaur egungoentzat; kaleetan abesten dutenentzat, taula gainean dantzatzen dutenentzat eta etxetik amesten duten haientzat.

Honako hau flamenkoari eta dantza garaikideari buruzko gorputz-lan bat da, eta harekin batera hitzaldi batdator, pieza sortzeko erreferente izan direnei buruzkoa. Beharbada, emakumeok oharkabean igaro dira liburuetarako, baina pieza honetan sotil eta sendo agertzen dira, bidaia honetan interpreteari lagunduz.

Zuzendaritza artistikoa eta interpretazioa: Álvaro Murillo
Arte grafikoak eta diseinua: Daniel Murillo
Soinu- eta argi-diseinua: Juanlu León
Musika: Viejo Patio (Las 3000 viviendas), Mujerez (Juana la de la Pipa y Dolores Agujetas), Tu mirá (Lole y Manuel), Dicen de mí (La Kaita), Nací en Álamo (Yasmin Levy), Gypsy Summer (Anita Christy) eta Quiero (Bambino).
Hauen babesarekin: Negro-brillo.net, Espacio DT, Festival Escena Patrimonio – Grupo Ciudades Patrimonio de la Humanidad de España – UNESCO, Festival DZM eta Fundación Alalá.

Alvaro Murillo Plasencian jaio zen (Extremadura). Nagusitan hasi zen dantzan, Extremadurako Unibertsitatean, eta han eskuratu zuen Dantzaren Psikopedagogia eta Interpretearen Teknikak titulua, Pablo Molerok zuzenduta. Frantziako À Corps festibalaren prestakuntza-programaren barruan hainbat koreograforen eskolak jaso zituen, adibidez: Imre Thorman (Butoh), Laurent Falguieras, François Chaignaud, Laurent Chetonne, Christine Bombal, Gaëlle Bourges eta Boris Charmatz. Hala eta guztiz ere, autodidakta jotzen du bere burua, flamenkoari eta dantza garaikideari batera ekiteko duen eragatik. Era berean, Jarduera Fisikoaren Zientzietako Graduko Espediente Onenaren Saria jaso zuen eta gaur egun doktorego bat ari da prestatzen dantzak eta sormenak min kronikoa duten pertsonengan dituzten efektu fisiko eta zerebralei buruz. Extremadurako DZM jaialdia antolatzen du Pablo Molero eta Juanlu Leónekin batera.

2018an El Barbero de Picasso sortu zuen, Morente eta Malagako margolariaren omenez, eta lan hura Nairobiko antzoki nazionalean aurkeztu zen (Kenya). Bestetik, 8 Km en mula sortu zuen Sofian, Bulgariako Cervantes Institutuaren bitartekaritzaz. Federico García Lorcaren Bodas de Sangre-n oinarritutako pieza harekin bigarren saria lortu zuen dantza garaikidearen modalitatean eta baita Gatadans sari berezia ere, biak ala biak Salamancako II. Urban FACYL nazioarteko lehiaketan. Gainera, Kale-piezarik Onena izendatu zuten Santanderreko Espiral Contemporánea festibalean (2019). Proyecto: Tiempo ikuskizuna estreinatu zuen La Nave del Duenden izandako erresidentziaren fruitu bezala, eta gero etorri zen Flamenco Futuro pieza, Madrilgo Lehiaketa Koreografikoaren barruko Me, Myself and I delakoaren parte izan zena,. Lan harekin lortu zuen Residencia saria Musiberia zentroan.

Nacho Cárcaba koreografoarekin Criadores de caballos de paso lana sortu zuen, palmak eta taconeo tekniken arteko erdibidea bilatuz. Pieza hura XX. Danza Xixón-en taularatu zen.

2020an sormen-erresidentzia bat egin zuen DT espazioan, Flamencas lanari begira. Lan hori denboran zehar flamenkoarengatik borrokatu diren emakumeen barrena egindako bidaia da, eta UNESCOk ekoiztutako Escena Patrimonio festibalean estreinatu zen. Bestetik, Albadulake zirku, flamenko eta dantza konpainiarentzat hasi da lanean, Serrana izeneko proiektuan.

Urriak 30 eta 31, 19:00etan

La FuNdicIOn

FLAMENKOA

Sarreren salmenta