Project Description

ELENA CÓRDOBA

Madril

“El nacimiento de la bailarina vieja”

El nacimiento de la bailarina vieja ikerketa eta sorkuntza proiektu baten lehen atala da. Esandako proiektuak La edad de la carne du izena, gorputzaren zahartzearen inguruan jarduten du eta fikzio tantez zipriztindutako estudio eszeniko batzuekin eratuko da.

Elena Córdobak zuzendutako lana
David Benito, Carlos Gárate eta Carlos Marquerieren laguntzarekin

Emakumezko dantzariaren figura gorputzak bere ahalmen osoekin egin dezakeen guztiaren paradigma izan da, are gehiago, gorputzak inoiz egin ez zezakeenaren paradigma ere izan da. Pentsa dezagun momentu batez zein izan litekeen emakumezko dantzari baten gorputzak eskainitako eredua. Paradigmatikoa izango ote zen gorputz zaurgarri, idor eta erakarmenik gabea? Ereduzkoa izango ote zen bere menperatzeko gaitasuna gero eta gehiago galtzen ari den gorputz bat? Itaun horietara geure burua hurbiltzeko, fikziozko eta paradoxazko izaki bat imajinatzea deliberatu dugu: emakumezko dantzari zaharra. Berez, zahar jaio zena. Larregizko formak dituen izaki bat, probetxugarri izatearen diskrezioa apurtu duen izaki bat, antiproduktibo eta antzua, eta gainera, hasieraren eta bukaeraren arteko diferentziak ere argi ez dauzkana.

Emakumezko dantzari zaharraren dantza ahalmentsua inoiz existitu ez den haragi batean zehar marrazten da. Harengan, beraz, ez dago galerak sortutako malenkoniarik, eta, era berean, ez dago izan zenaren eta orain denaren arteko gatazkarik. Emakumezko dantzari zaharraren gorputzak bere burua entrenatzen du inoiz egin ezingo dituen balentrietarako. Baina, esandako kontraesan guztiak gorabehera, emakumezko dantzari zaharrak abantaila bat dauka gainontzeko beste izaki guztien gainetik: beraren mugekin dantzatzen du, bere esentziaren parte direlako.

Ikuste eta soinu dispositiboak
Badira orain hilabete batzuk mikroskopio txiki baten bidez begiratzen diedala egoeraz aldatzen diren gai organikoei. Deskonposizio-gaiaren behaketa horretatik abiatuta, David Benito artista bisualak eta Carlos Garate soinu-artistak El nacimiento de la bailarina vieja-ren ikuste eta soinu dispositiboa eraiki dute.

Paisaiak: filmaketaren eta deskonposatzen ari diren gai organikoen ikerketaren fruitua dira, irudi bihurtzeko intentzioarekin metodikoki kontrolatutako prozesu batean. Esandako deskonposaketa kontrolatu hori gai organikoak kultibo-plaketan isolatuz gertatzen da (Petri plakak).

Sonorizazioa: deskonposizio-gaiaren berezko dinamikak (mikrovoltaiak) obraren soinu-bilbearen parte izango dira. Sonorizazio horri begira, dispositibo bat eraiki da kultiboen dinamikak soinu bihurtu daitezen.

Aldi berean, erritmo eta harmonia osagaiak dituen musika-konposizio bat sortu da. Bere jatorria kultiboetatik etorritako irudien behaketan eta La bailarina vieja-ko performance-lanean dago. Musika-konposizio horrek zuzenean grabatu eta emititzen diren kultiboetako soinuekin solastatzen eta eraldatzen da. Soinu-iturri biek lengoaia desberdin bi dauzkan soinu-eremu bakarra sortzen dute.

Abenduak 12, 20:00etan

Abenduak 13, 19:00etan

La FuNdicIOn

DANTZA

Sarreren salmenta